Proposamenak gida bat, kartak eta lan-taulak uztartzen ditu, taldeei Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ikuspegitik bidelagun izateko.
Wikitokin, Bilbon, egindako aurkezpeneko argazkiak deskargatzeko aukera..
Bilbo, 2026ko ekainaren 30a
Joan den ostiralean, ekainaren 26an, Wikitokin (Bilbo) ELKARBIZI aurkeztu zen, Euskadirako etxebizitza kooperatiboaren gida bat, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiboko proiektuak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ikuspegitik laguntzeko baliabide berria (REAS Euskadi / REAS Red de Redes).
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ERAIKAL laguntzen esparruan, Ingoin eta Ariwake kooperatibek garatutako ELKARBIZIK gida bat, karta-sorta bat eta hainbat lan-taula uztartzen ditu, taldeek prozesua ulertu, ezagutza partekatu eta beren proiektua modu kolektiboan garatu dezaten.

Aurkezpenean Amaia Goyenak eta Begoña Abaituak Ingoinen izenean parte hartu zuten, eta Uxue Pérez de Pipaón Alzuetak eta Rubén Méndezk Ariwakeren izenean. Ingoin taldeko kide den Maddalen Gilek, berriz, ezin izan zuen bertaratu, aste hauetan Mexikon komunitate-prozesuak laguntzen ari baita.
Saioan Rafael Grau Cárdenas ikertzaileak ere parte hartu zuen, azken hilabeteetan garatutako ikerketa-prozesua azalduz. Lanaren abiapuntua estatuan zein nazioartean dauden gida eta metodologia ugari aztertzea izan zen, zer alderdi lantzen dituzten eta zein oraindik gutxiago garatuta dauden identifikatzeko.
Ikerketa horretatik abiatuta, matrize metodologiko bat eraiki zen, erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboen proiektuen sorkuntza-prozesuari begirada sistemikoa emanez. Matrizeak ibilbidea bost fasetan antolatzen du —taldearen sorrera, forma juridikoarekin sendotzea, lurzorua edo eraikina eskuratzea edo lagapena, eraikuntza eta bizikidetza—, bost lan-arlotan —soziala, juridikoa, ekonomikoa, habitata eta kultura eta hezkuntza— eta lau behaketa-geruzatan —proiektua, ingurunea, dimentsio pertsonala eta dimentsio kolektiboa—, proiektu baten garapenean esku hartzen duten elementu guztiak modu integratuan ikustea ahalbidetuz.
Matrize horri esker, lehendik zeuden giden estaldura-maila aztertu da, orain arte material-mota horietan ia sartu ez diren alderdiak identifikatuz, eta gida sakonago bat sortuz, taldeei laguntzeko tresna, metodologia eta proposamen berriak sartzen jarraitzeko prest dagoena. Hori oinarri hartuta garatu da ELKARBIZIren eduki espezifikoa, Euskadiko testuingurura egokitua eta euskaraz zein gaztelaniaz eskuragarri dagoena.
Erantzun itxiak edo ibilbide bakarra eskaintzetik urrun, ELKARBIZIk proposamen zabala jasotzen du. Proiektu baten garapenean ager daitezkeen galdera eta gai guztiak biltzen ditu, talde bakoitzak bere kasuan zein diren garrantzitsuak identifikatu, noiz jorratu komeni den erabaki eta nola landu nahi dituen zehaztu ahal izateko. Aurrez zehaztutako irtenbideak eskaini beharrean, galderak planteatzen ditu, hausnarketarako gonbita egiten du eta une bakoitzean arreta eskatzen duten alderdiak ikusarazten laguntzen du. Horrela, metodologia komunitate bakoitzaren errealitatera eta testuingurura erraz egokitzen da.
Proposamena erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboaren ikuspegi zabal batean oinarritzen da. Izan ere, etxebizitza ez da arkitekturaren, finantzaketaren edo araudiaren auzia soilik; harremanak, gobernantza, zaintzak, kultura eta komunitatea ere funtsezkoak dira. Horregatik, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ikuspegia zeharka txertatzen du prozesu osoan.

Proiektuetarako material praktikoak
ELKARBIZIren elementu berritzaileenetako bat material praktikoen sistema baten garapena da, gida bat, karta multzo bat eta hainbat lan-taulez osatua.
Material horiek ez dute soilik informaziorako sarbidea errazten: taldeek beren proiektua sortzeko prozesuan duten esperientzia eraldatzen dute.
Gidak edukiak modu sintetiko eta eskuragarrian aurkezten dituen bitartean, kartek eta taulek ezagutza hori formatu bisual, parte-hartzaile eta erabilgarri batera eramaten dute, mahai baten inguruan modu kolektiboan lan egiteko aukera emanez. Pertsonek identifikatu dezakete prozesuaren zein unetan dauden, zein alderdi landu dituzten, oraindik kontuan hartu ez dituzten beste batzuk aurkitu eta, elkarrekin, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren erabaki.
Modu horretan, ezagutza ez da gida luze bat irakurtzen duten pertsona gutxi batzuetan pilatuta geratzen, baizik eta talde osoarentzat partekatutako tresna erabilgarri eta eskuragarri bihurtzen da.

Material guztiak doan kontsultatu eta deskargatu daitezke dagoeneko www.elkarbizi.eus webgunean, eta bertan laguntza-baliabide berriak ere gehitzen joango dira. Datozen egunetan gidaren edizio inprimatua ere eskuragarri egongo da.
Proiektu honen bidez, Ingoin eta Ariwakek etxebizitza kooperatiboaren ekosistemaren eskura metodologia ireki bat jartzen dute, ikuspegi kooperatibo, komunitario eta eraldatzailetik proiektu berrien garapena indartzea helburu duena, talde bakoitzak bere bidea eraiki dezan erraztuz.
MATERIAL GRAFIKOAK
- Elkarbizi materialen irudiak.
- Elkarbizi Gida PDF.
- Elkarbizi Logotipoa.
- Wikitokin (Bilbo) egindako saioaren argazkiak.
???? Informazio gehiago
Izena: Amaia Goyena (Ingoin) / Rubén Méndez (Ariwake)
Posta elektronikoa: kaixo@elkarbizi.eus / go@ariwake.com
Elkarbiziren tailerreko argazkiak, Amaraunan egindako 2026ko Koobizitza Topaketan.


















